XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zer nolatan egin zen apez Don Estebe, sarritan eztabaidatua izan da, haren nortasunari zegozkion puntu guztiak eztabaidatuak izan ziren bezala.

Eta eztabaidatuak baino gehiago, komentatuak esanen nuke, zeren eta bere izakera, baldin eta apartekoa bazen ere, ez zen zalantzak sortzen dituen pertsonaia horietako batena.

Nire lagun sikologo batek, eliz-motikoaren esaldia oroigarri, zera dio, anka luzeen konplejoa sendatzeko botikarik onena sotana jaztea zela, eta horregatik, hain zuzen, egin zela apez.

Hori sikologo baten iritzia da; badakit, eta ene lagunari askotan esan diot, sikologoek ere nahiko petralkeria esaten dutena.

Ni ez noa hau eztabaidatzera; norbait ados ez balego eta gai honetaz sikologo horrekin iharduki nahi balu esan diezadala; nik emanen nioke zuzenbidea.

Don Estebe hobeto ezagutzearren beste gai bat ukituko dugu: urduritasuna.

Don Estebe mugimendurik kontrolatzeko ez zen kapaz.

Pulpitotik hitz egiterakoan, garraisiaz eta keinuz betetzen zuen bere egin beharra.

Haserretzen zenean bere aurpegi zurbila gorritu eta begiratua areago gogortzen zitzaion; bazirudin une horietan begiak betaurreko aurretik jartzen zitzaizkiola.

Gorputzaren deskontrolarekin bat, adimenaren deskontrola.

Honegatik, Don Esteberen bizitza gertakariez betea dago.